- diseinua / programazioa: iF Diseinuak - 2009
Azken hamarkadetan abertzale eta ezkertiar garenok era antolatuan joan gara behin eta berriz Europara eta nazioartera. Gure errealitatea ezagutaraztera baina baita ere Euskal Herritik kanpo gatazka eta konponbiderako gakoak eztabaidatzera, kanpoko esperientzia entzutera eta nazioarteko babesari etengabeko informazioa ematera. Euskal Herriaren aldarrikapenen eta mobilizazio gaitasunaren berri eman dugu, arlo sindikalean, hizkuntza eta eskubideen alorrean, alor politikoan... Izan ere, Euskal Herrian ezkertiar eta abertzale gisa daukagun indarraren arabera lortuko ditugu nazioartean, eta bereziki Europan, gure eskubideen aldarrikapena aintzat hartua izateko behar dugun babes antolatua. Ez baita gauza bera erraitea proiektu bat defenditzen dugula, oso justua izanik ere, soilik %2-5ko sostengua duena (zifra bat emateagatik) edo %10-15 baino gehiagoko atxikimendua duena.
Europar Parlamentuan ordezkaturik edo ez, hainbat eta hainbat ekimen antolatuak izan dira euskaldunen eskubideen alde. Karmelo Landa edo Koldo Gorostiaga europar diputatu izan direnean, eta europar diputatua izan ez dugunean ere, Euskal Herrian abertzaleok erakutsi dugun indar eta gaitasunari esker aurrera atera dira ekimen horiek. Horrek ematen digu sinesgarritasuna, horrek ematen digu europar eragile sozial edo alderdi politiko ezkertiar, sozialdemokrata, liberal eta kontserbadoreengana jotzeko indarra. Besapean gure herriaren babesarekin goaz, herri antolatu batekin, bere eskubideak aldarrikatzen dituen herri batekin. Horri esker entzunak gira, kontutan hartuak eta horri esker ere hainbat kanpo eragile engaiatzen dira haien alorretatik gure eskubideen alde. Gure aldarrikapenak demokratikoak edo justuak direlako baina bereziki hori horrela izateaz gain, herritarren artean babesa ere badugulako.
Azken hamarkadan Europan izan dugun babesaren balantze bat egiten badugu, aurretik errandakoa frogatzen dela esango genuke.
Eragile politiko eta instituzional hauek, alemanak, finlandiarrak, suediarrak, flandestarrak, irlandarrak, italiarrak, estoniarrak, norvegiarrak, daniarrak, ingelesak, txekiarrak, greziarrak....dira. Guziak euskaldunen eskubideak defendatzen haien heinean eta haien alorrean. Baina kanpoan jaso dezakegun babes oro gure indar metaketaren araberakoa izango da. Hori guzia soilik posible da lantzea eta mamitzea Euskal Herrian demokrata, aurrerakoi eta abertzaleen arteko indar metaketa sortzen bada. Adibide bat emateagatik, Friendshiparen sorrera, gauzapena eta iraunkortasuna posible izan da Euskal Herrian Nazio Eztabaidagunea bezalako eragile batek sustatu duelako, indar metaketa antolatu bat erakutsi duelako Europan. Gaur egun Europar eragile honek lanean badarrai, horrexegatik da, abertzaleok gure boza Euskaldun eta abertzale gisa entzunarazteko gaitasuna dugulako eta sinesgarriak garelako.
Ekainaren 7an Europan abertzale eta ezkertiarren bozak kontatuak izanen dira; baina ez soilik frantziar edo espainiar ministerioetako bulegoetan, nazioartean gure aliatu puntualak eta iraunkorrak izan daitezkeenak ere aintzat hartuko dute gure gaitasuna. Eta boz horiek eragina izanen dute hurrengo egunetik aurrera. Gure indarra erakusten badugu, Europan ditugun lagun eta ezagunei indarra eta sinesgarritasuna ematen diegu Euskal Herritarren eskubideen alde egiteko.
Estatuen eraso eta jarrera antidemokratikoak gaindituz, Ezkertiar eta Abertzaleok edukiko dugu parada gure ahotsa entzunarazteko. Ipar Euskal Herrian, EHAren aldeko bozak babesa ematen digu Europara joateko, aurrera begira Europan sostenga gaitzaketen eragileak emendatzeko. EHA sigla bat baino gehiago baita, EHA herri gisa erakustaldia egiteko gunea baita. Hego Euskal Herrian, Iniziatiba Internazionalista koalizioak eskaintzen digu aukera onena Europar Batasunean orain arte egindako lana jarraitu ahal izateko. Koalizio horrek erakutsitako prestutasuna gatazka politikoa era demokratikoan konpontzeko, ahotsik gabekoei ahotsa emateko eta bestelako Europa baten alde egiteko, aukera ematen digu ezkertiar eta abertzaleei Europari erakusteko orain arte egindako lana eta esandakoak ez direla hutsean geratzen eta atzetik herri langile eta justiziarekin konprometitua dagoela.
Eragile politiko hauei gure bozka emanez, Abertzale eta ezkertiarrok Euskal Herriak eskubideak dituela eta Europan bere lekua nahi duela aldarrikatuko dugu ekainaren 7an ez ezik, ekainaren 7tik aurrera. Haizpea Abrisketa, Gorka Elejabarrieta, Europar Parlamentuan lanean ibilitako ezkertiar eta abertzaleak
- diseinua / programazioa: iF Diseinuak - 2009