Orain arte sistema kapitalistak izan duen krisi handienaren testuinguruan, heldu den ekaineko europar parlamenturako hauteskundeetan parte hartuko dugu ezkerreko abertzale gisa. Alde batetik, Euskal Herria, Europako herririk zaharrenetarikoa, badela baieztatzeko. Bestetik, abian den Europa liberala larriki auzitan ezartzearen beharra azpimarratzeko.
Abertzaleak giren ber:
Euskal Herria Europako herri zaharrenetarikoa da. Zazpi lurraldez osatua den nazio honek, munduko nazio guziak bezala, funtsezko eskubideak ditu, eta horien artean bere geroaz libroki erabakitzekoa, autodeterminazio eskubidea.
Nazio gisa Euskal Herria existitzen dela ukatzen digute. Ukazio honek du esplikatzen Europako azken gatazka armatuaren irautea. Horrela, Euskal Herrian dirauen gatazkak izaera eta ezaugarri politikoak dituela diogu, eta elkarrizketaren bidez konponbidea atzemaiteko engaiamendu fermua hartzen dugu. Konponbide honek, euskal herritar guzieri eskubide guziak bermatu behar dizkie, Euskal Herria osoan.
Europako Batasunak jadanik osatuak diren Estatuetan oinarritzen baldin badu ere bere ibilmoldea, 2010ean Eskozian egin gogo duten autodeterminazio erreferendumak, Europako nazio zaharrenen osoko ezagupena aktualitatearen pil-pilera ekartzen du. Perspektiba horretan, Herrien Europa defendatzen dugu, eta Euskal Herria bere baitan osoko partaide gisa.
Ezkerreko militanteak giren ber:
Europar Batasunaren sortzaileen asmoa Herrien Europa egitea izan bazen ere, gaur egun, arduradun politikoen, entrepresarien eta finantza munduko jende talde txiki bat osatzen duten interesen zerbitzuko Europa liberala dela ukaezina da.
Europar Batasunaren funtzionamoldearen bizkar hezurra, berreste prozedura oraino finitu gabe dagoen Lisboako Ituna da. Itun hau, zenbait erreferendumetan (Frantzia, Irlanda) errefusatua izan den 2005ko Konstituzio Itun Proiektuaren kopia besterik ez da. Milioika herritar europarren kontrako iritziaz bost axola duten eta izaera guziz liberala duen horrelako Itunaren kontra altxatzea arras naturala iduritzen zaigu.
Lisboako Itunak Europa liberala diseinatzen duenez, eta Europa hau globalizazio kapitalistaren aurrekaririk gabeko krisian sartua izanik, are beharrezkoa iduritzen zaigu Itunaren errefusatzea. Egun, baitezpadakoa da Europa liberal honi freno kolpe bat ematea, sistema kapitalista auzitan jarri, eta jende xumeei lehentasuna ematen dien Europa eraikitzen hastea, ontasunak eta lana partekatuz besteak beste. Gogoko dugun langileen Europa hau solidarioa izanen da, batez ere globalizazio liberalaren ondorio lazgarriak pairatzen duten "garapen bidean" deritzen Herriekin.
Eraiki nahi dugun biharko Europa hau ondoko konbikzio hauetan oinarritzen da:
Estaturik gabeko nazio gisa:
1. - ONUren Konbentzioak bere eginez, Europar Batasunak Estaturik gabeko nazioen autodeterminazio eskubidea ezagutu behar du. Herri bakoitzak sortzen dituen instituzioak ezagutu eta errespetatu behar ditu, izan ere, funtsean Europa bera Herriz osatua baita.
2. - Herrien ezagutza hau heien hizkuntzen eta kulturen aniztasunaren errespetuan oinarritzen da. Zentzu horretan, Europar Batasunak Bartzelonako Hizkuntzen Eskubideen Xarta Unibertsala onartu behar du, honek bermatzen baitu egiazki hizkuntzen aniztasuna.
3. - Europar Batasunaren partaide guziek bere egin behar dute Herrien ezagutzaren exijentzia hau. Eta bereziki, Estatu frantsesak estatutu politiko duin bat eman behar dio Iparraldeari. Europako instituzioek beren orientazioetan gomendatzen duten estatutu mota Autonomia da. Izan ere, mota horretako estatutua, frantses Estatuak berretsi duen (!) Demokrazia Lokalerako Xarta, bultzatzen du Europako Kontseiluak.
Ezkerreko indar gisa:
Bazterketa mota guzien kontra gira
4. - Zeinahi izanik ere bere sorlekua, hemen bizi diren pertsona guzien eskubideak bermatu behar ditu Europar Batasunak. Frantziaren lehendakaritza aldian bultzatu inmigrazio politikak salatu nahi ditugu. Langabeziaren emendatzeak dakartzan ekimen arrazisten ugaltzearen lanjerari buru egiteko, xenofobiaren kontrako politikak martxan jartzea exijitzen dugu.
3. - Europar Batasun berriak egiazko genero berdintasuna bermatu behar du. Kari hortarat, sexu arrazoiengatik bazterketa oro debekatu behar du izan.
Eraikitzen ari diren Europa liberalari freno kolpe bat ematearen alde gira
6. - Finantza sistemak Europar Batasunaren herritarren kontrol demokratikoaren pean izan behar du. Irizpide hau, egun zenbait teknokraten erabakien pean den Europako Banku Zentralari aplikatuko zaio lehenik eta behin. Finantza merkatuen ohiko espekulazio mugimenduen kasuan irizpide bera aplikatuko da.
7. - Funtsezko den lan edo enplegurako eskubidearen kasuan, Europar Batasunak aproposak diren arau eta lege xedapenak bultzatuko ditu eskubide hau egiazki bermatua izan dadin. Xedapen hauek lana partekatzearen printzipioarekin bat etorri, prekaritatearen kontra borrokatzearen alde egin eta denentzat lan duin eta egonkorra bermatu behar dituzte.
8. - Gisa berean, xedapen hauek ondasunen partekatze printzipioaren aldera egin behar dute. Printzipio honek, eraginkorra izatekotan, jarduera ekonomikoak sortzen dituen errebenio edo errenta (finantza errentak bereziki) multzoa hunkitzen duen fiskalitatearen harmonizazioa ekarri behar du.
Ekonomien "berlokalizazio" printzipioa defendatzen dugu.
9. - Europar Batasunak, lurraldeen garapenari lehentasuna ematen dien ekonomien "berlokalizazio" moldeak sustatu behar ditu. Neurri honek entrepresa multinazionalen jarduera zedarritzea dakar besteak beste.
10. - Europar Batasunak, biztanleen beharrei erantzuten dizkien hurbileko zerbitzu sozialak bermatu behar dizkie, haren lurralde guzietan. Horrek, zerbitzu sozial horien baliatzea eragozten duten pribatizazio politikak auzitan jartzea dakar. Zentzu horretan, osagarri, hezkuntza, garraio publiko eta etxebizitza politikei arreta berezia jarriko zaie.
11. - Tokian tokiko populazioek beren lurraldeei doazkien garapen politiken partaide eta aktore izan behar dute. Eta bereziki, heien garapen ekonomikoa baldintzatzen duten azpiegituren inbestizamendu handiei buruz, lurralde ezberdin horietako biztanleek azken hitza izanen dute.
Garapen sostengarri eredu baten defendatzaile gisa.
12. - Europar Batasunak garapen sostengarri eredu bat ahokatu behar du. Eredu horrek programa zabalak beharrezkoak ditu : energia kontsumoaren murriztea, energia berriztagarrien sustapena eta energia nuklearra bertan behera uztea.
13. - Europar Batasunak ingurumenaren zenbait baliabideren "ondasun publiko" estatutua bermatu behar du. Hala nola ura, airea eta zenbait kasutan lurra. Adibidez, uraren kasuan, zenbait entrepresa multinazionalen mesedetan jokatzen duen baliabideen kudeantza pribatuaren aukera auzitan jarri behar da.
14. - Europar Batasunak ingurumenaren baliabideak bereziki kaltetzen dituzten zenbait jardueraren politikak berbideratu behar ditu. Koadro horretan, laborantza sano, ekonomo eta autonomo baten alde bideratua izanen den PAC delakoaren erreforma bultzatu behar du. Era berean, OGM edo Jitez Aldatu Organismoen produkzioa eta inportazioa debekatu behar ditu. Gisa berean ere, teknika industrialak baztertuz (pelagikoak eta beste...) arrantza tradizionalaren jarduera lagundu behar du.
15. - Europar Batasunak, lurraldeen arteko garapen orekatua bermatuko duen lurralde antolaketa politikak bultzatuko ditu. Horrek, lurraldeen arteko oreka mantentzeko arreta jartzea eskatzen du, baina heien baitan ere, bereziki gune urbanizatu eta landa eremuen artean.
Demokratak giren ber.
16. - Europar Batasunak bere herritarren, pertsonen eta herrien parte hartzea sustatu behar du, Europa eta haren Herrien geroari buruzko arazo guzieri buruz hitza emanez eta kontsultak zein erreferendumak bultzatuz.
17. - Europar Batasunak pertsonen eskubideak gerizatu behar ditu, segurtasunaren estakuru ezberdinenekin ("terrorismoaren" kontrako borroka, "gaiztaginen" kontra, "banden" kontra ...) onartzen diren mota guziko lege libertizidak deuseztatuz. Lege horiek, irizpide gero eta subjektiboak baliatuz, herritar sektore gero eta zabalagoak sailkatzen dituzte, denak "errudun gai" bilakatuz.
18. - Europar Batasunak herritar guzieri eta maila guzietan adierazpen askatasuna bermatu behar die, eta partikularzki informazio hedabide eta alderdi politikoen mailan.
Internazionalistak giren ber.
19. - Europar Batasunak desmilitarizazioaren alde obratu behar du eta nazioarte mailako gatazken konponbidean elkarrizketa eta negoziazioa lagundu. Bere gastu militarrerako bujetak alor sozialera berbideratu behar ditu.
20. - Europar Batasunak Hirugarren Munduaren garapen demokratiko eta ekonomikoari lehentasuna eman behar dio. Iparra eta Hegoaren arteko egiturazko harreman desorekatuak desager arazi, tokian tokiko botere zibilaren bitartez kooperazioa azkartu eta Europako entrepresa multinazionalen politika arautu behar ditu.